XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

2. Hizkuntza idatzia

Hizkuntza idatzia, idatzitakoak iraun egiten baitu, berrikusi, aztertu eta arrazoitu egin daiteke.

Hitza haizeak omen darama; ez, ordea, idatzizko hitza: idatzitakoak iraun egiten du eta, hori dela medio, bera menderatzean haurra orain arte izan ez duen tresna paregabearen jabe egingo da.

Bera da giza teknologiarik inportanteena, intelektuaren teknologia, pentsaera sustatzeko bitartekorik behinena.

Beraren bidez helduko zaizkie haurrei eskolak eta gizarteak oro eskainitako ezagutza gehienak.

Baina horrez gain, hizkuntzaren beraren esaldi, egitura, erabilera, forma eta funtzioak nahi adina aldiz aztertzeko aukera izango dute irakurtzen eta idazten ikasi ondoren.

Idatziak, aho hizkuntzaren ahalbideak biderkatzean eta erabilera zuzena areagotzean, hau indartu eta hedatu egiten du.

Aurrerantzean idatzia hizkuntza mintzatuaren lagun hurkoa izango da eta, horrela, batak bestea osatu, ziurtatu eta finkatu egingo dute.

Lehen Zikloko irakasleek ongi dakitenez, hori lortzeko lehen pausuak ez dira errazak izaten, lan asko eskatzen baitute ikasleen eta irakaslearen aldetik, baina ordainetan ibilbideak, ongi egina denean, atsegin handia ematen du.

Baina irakurketa-idazketa prozesua ez da orain hasten.

Hasita dago lehendik, eta bi ikasmaila hauetan haur gehienek trebetasun horiek menderatzeko oinarriak jarriko dituzte, hizkuntza idatzia tresna gisa erabiltzen hasiko direlarik.

Hemendik aurrera, bai munduaren ezagutza eta bai hizkuntzarena, idatzian errotuko dira neurri handi batean.

Idatziak, ahozkoak bezala, esanahia bideratzen du.

Ez da sekulan forma hutsa, mintzatzea, irakurtzea, idaztea edo entzutea ez baitira prozedurak soilik, ZERBAIT komunikatzen duten eta helburua duten aktibitateak baino.

Hizkuntzak bideratzen duen ZER hori, edukina, hori da edozein komunikazioren muina.

Berak asetzen du haurren jakinmina, berak erantzun diezaieke haien behar ludiko edo komunikatiboei, bera da lan pedagogikoaren gunea: literaturatik sortutako istorio eta olerkiez eta bizi izandako esperientziez gain, Curriculum-Diseinuak agintzen dituen beste arloek ere Ingurunearen ezaguerak, Matematikak zein Musikak eman diezaiokete edukina hizkuntzari.

3. Irakurketa - Idazketa

Irakasleak Derrigorrezko Hezkuntzaren hasiera honetan duen lehen betebeharra irakurtzen eta idazten irakastea da.

Baina gauza jakina da irakastea eta ikastea ez direla ekintza simetrikoak, lehenak ez duela beti bigarrena ekartzen, ezta honek hura eskatzen ere.

Ikastearen psikologian eginiko ikerketen ondorioz, gero eta argiago dago irakaslearen lana ez dela hutsik dagoen ikaslearen burua edukinez betetzea, baizik eta honen ikaskuntza erraztea.

Ikaslearen ibilbide kognitiboa ahal denik eta hobekien ezagutu behar duela irakasleak, haren ezagutzak, arrazoitze era, interes eta beharren arabera, tresnak, baldintzak eta laguntza egokiak eskaini ahal izateko.